“Maitatzeak jotzearekin, iraintzearekin, sufritzearekin… lotura zuela ikasi nuen, baina orain, lehendabizikoz, maite dut nire burua"

Egun, askoz errazagoa da tratu txarrez, biolentziaz, bortxaz eta abar hitz egitea. Hala ere, zaila da altxa eta esatea: “Badakizu zer? Tratu txarren biktima naiz edo izan naiz. Iraindua, apaldua, jipoitua, baztertua… izan naiz; ez ikusia, ez entzuna, ez babestua, ez maitatua….” Baina bai, halakoa izan zen nire errealitatea. 

Josune Alkorta, Fedeafeseko Lehen Pertsonan Batzordeko kidea

Indarkeriak pertsona askori eragiten digu. Horren inguruan hitz egitera animatuko zinateke?

Beharrezkoa dudala esango nuke. Nire historia kontatzeko beharra dut; izan ere, orain, behingoz, gai naiz. Gertatukoari buruz hitz egin nahi dut, kontziente egin bainaiz. Eta hala egin behar dudala sentitzen dut, orain nire burua errespetatu eta maitatzen baitut.

Egun, askoz errazagoa da tratu txarrez, biolentziaz, bortxaz eta abar hitz egitea. Hala ere, zaila da altxa eta esatea: “Badakizu zer? Tratu txarren biktima naiz edo izan naiz. Iraindua, apaldua, jipoitua, baztertua… izan naiz; ez ikusia, ez entzuna, ez babestua, ez maitatua….” Baina bai, halakoa izan zen nire errealitatea. 

Jaiotzetik ikasi nuen maitatzeak lotura zuela jotzearekin, iraintzearekin, umiliatzearekin, baztertzearekin, mehatxatzearekin, sufritzearekin, zoritxarrekoa izatearekin… Bortxaka ikasi nuen, eta nire bihurtu nuen. Zalantzan jarri gabe, gogoetarik gabe. Egunerokoa baitzen niretzat. Ahanztura sakonenean giltzapetu eta orain gutxira arte han ezkutatuta egon den nire barruko haurrari idatzi nion eskutitz bat partekatu nahiko nuke zuekin. 

BARRUKO HAURRARI IDATZITAKO ESKUTITZA

Badakit! Beldurrak jota zaudela eta arnasteko zailtasunak dituzula. Iluntasunean ezkutaturik zaude, desagertzeko ahaleginean, baina ez duzu lortzen. Arnasa eteten duzu, entzuna ez izateko eta ezer txarrik gertatzea ekiditeko. Ez zaitzatela ikusi! 

Egoera hau gauero errepikatzen da, marmotaren egunean bezala. Ez zenuen sufrimenduaren amaiera ikusten. 

Hurbildu naiteke? Eser al naiteke hemen, zure ohearen iskinean? Ez naiz hemendik mugituko; zure ondoan egon nahi dut, besterik ez.

Badakit ezkutalekutik ateratzea zaila dela. Denbora asko daramazu ekaitza baretzeko zain. Baina ez da gertatzen. Egunero errepikatzen da sufrimendua, autoa etxera gerturatzen entzuten duzuenean. 

Badator berriro. Arnasteari uzten diozu, ikarak hartzen zaitu. Zer gertatzen da? Norbait mindua izango al da? Begiradarekin jarraitzen duzu aita, zure gela ondotik pasatzerakoan. Ilunpean dago guztia, ezer ikustea zailagoa izan dadin. Irudia kamara geldoan ikusten duzu; badirudi denbora izugarri luzea pasatu dela sarrerako atea ireki zuenetik. 

Isiltasuna nagusitzen da etxean. Anai biak bertan dauden arren, zu bezala dabiltza, desagertu nahian. Leku segurua bilatzen dute arriskutik ihes egiteko. 

Ama geratzen da soilik “beste aldean”, sukaldean edo egongelan. Zure gelaren ondotik pasa eta gero has zaitezke pixkanaka arnasten eta tentsioa askatzen. Baina odisea berria hasten da orduan.

Atea itxi eta berehala pizten da guda. Oihuka hasten da, astakeriak esaten, irainak, mehatxuak eta onartu gabeko kolpeak jaurtitzen.

Sukaldeko mahaiari ukabilkadak ematen hasten denean izugarri ikaratzen zara. Beti egiten badu ere, beldurrak hartzen zaitu gauero. Bien artean gerta daitekeenaren beldur zara. Batzuetan ama oihuka entzuten duzu. Normalean, baina, aitak ozenago egiten du buila eta gainerako soinuak estaltzen ditu.

Heldu nire eskua, txiki. Hemen nago, zu zaintzeko prest. Heldua naiz orain, eta zure ondoan egongo naiz. Ez dizu inork gehiago min emango. Nitaz fio zaitezke, ez dizut hutsik egingo. 

Ulertzen dut zaila dela inorekin fidatzea, baita nirekin ere, baina zin egiten dizut nire esku dagoen guztia egingo dudala seguru, babestua eta maitatua senti zaitezen.

Badakit inork ikusi eta ulertzen ez zaituela sentitzen duzula, eta agian hala izango zen garai hartan. Orain nire zaintzapean lasai egon zaitezke; nik zainduko ditut zure beldurra, zure gorputz izoztua, zure begirada erretiratua…  

Konfiantza izan, konfiantza izan, konfiantza izan… Hemen egongo naiz behar duzunean. Nigan pentsatu eta berehala agertuko naiz. Mila aldiz. Behar duzun guztietan. Zu laguntzeko prest nago. Maite zaitut, txiki!

Esperientzia horiek bizitzeak aztarnarik utzi dizula sentitzen al duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Familia barruan etengabeko indarkeria bizi ez dutenen gorputza ez da nirea bezalakoa. Zauritua daukat gorputza; apurtua. Oso gaixo egon da, habitatu gabe.

Nire gorputzetik deskonektatuta bizi izan naiz ia beti; nire sentimenduetatik, arnasatik, desiretatik urrun. Niregandik bananduta, hautsita, izoztuta, abandonatuta… Nor naizen jakin gabe. Gorputzik ez duenak nola jakingo du, bada, nor den eta zer izan edo egin nahi duen bizitzan? Biziraupen moduan nengoen. Hain gutxi maitatu naiz, hain gutxi, min eman naizela mila modutan. Ez naiz zaindu. Gaizki janez, gaizki lo eginez, egin nahi ez nituen lanak aukeratuz, harreman toxikoak izanez (lagun arriskutsuak, tratu txarrak eman dizkidaten bikotekideak…) mindu dut nire burua. 42 urtez gaizki tratatua izan den gorputz hau suntsitua dago. Bizitza sozialetik aldendu naiz, ikusezin bihurtu, ikusgai egoteak arriskuan jartzen baitzuen nire bizitza. 

Nola sentitzen zara orain?  

Lehendabizikoz, nire buruaz harro sentitzen naiz. Lehendabizikoz, maite dut nire burua, eta bizitzak dakartzan gauza onak jasotzeko prest nago. Jainkoak oparitzen didan egun bakoitzaz gozatzen dut bete-betean. Lehendabizikoz, nire burua nirea da. Eta geure buruarekin gaudenean, erraz gauzatzen da bizitza; plazerez, zorionez, gozamenez.

Indarkeria jasan duten edo jasaten ari direnei zer esango zenieke? 

Maita zaitez, errespeta zaitez, eta alde egin. Babestu zure seme-alabak. Eta laguntza eskatu, zurekin gaude eta! 

Zerbait gehiago erantsi nahiko zenuke?  

Indarkeriarik ez onartzea, mesedez. Ez dezagun pentsatu eta esan bikote-harremanen barruko gauzak direla, familia barrukoak… Batzuetan zaplaztekoak zentzua duela… Ez! Inoiz ere ez! Haurrak zaindu eta babestu behar ditugu. Guztion altxorra dira. Eta helduoi dagokigu euren ongizatea, askatasuna eta zoriontasuna bermatzea. Ikusarazi dezagun adin txikikoek sufritzen duten biolentzia. Arren eskatzen dizuet; maite eta babes ditzagun haurrak. Egiten ez badugu, handitzerakoan tratu txarrak errepikatuko dituzte euren harremanen bitartez. Hori da nik egin dudana. Lau urte eta erdiz, indarkeriaz tratatu nauen (eta hala egiten jarraitu nahi duen) bikotekide batekin egon naiz, baina itsurik nengoen. Esan eta egiten zuen guztia justifikatzen nuen. Eta gezurra esaten nuen bera babesteko, nire egoeraz ohartarazi nahi nindutenez babesteko. Oraindik kostatzen zait aitortzea; izan ere, jipoitzen ez ninduenez, badirudi ez zela tratu txarra. Baina bada, bai. Eta indarkeria fisikoa baino okerragoa izan daiteke, arimak jasotzen dituen kolpeak ez baitira ikusten, baina sentitzen dira eta bizitza hondatzen dizute. Jainkoari eskerrak, amaitu da nire sufrimendua! 

GUZTIAK BAT GARA. ESKER MILA. 

Compartir esta entrada