Desparekotasun egoera: diskriminazio bikoitza
Emakumearen arloan, genero desparekotasuna gaur egungo arazoa da. Gizonezkoek eta emakumezkoek lan munduan, hezkuntzan, osasunean edo ekonomia arloan dituzten desparekotasunak ikusita, oraindik berdintasunaren alde lan handia egin behar dela erakusten dute.
Buru osasun arazoa duten emakumeek jasaten duten diskriminazioa bikoitza edo hirukoitza da. Izan ere, emakume guztiek sufritzen duten desparekotasunari buruko gaixotasuna duten pertsonek jasaten duten diskriminazioa gehitzen zaio. Generoa buru osasunaren esparrutik baztertua izan ohi da. Gainera, buru gaixotasuna duten emakumeen parte hartzea gizonezkoena baino baxuagoa da. Fedeafesek burututako “Emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren diagnostikoa” ikerketak honakoa dio:
Elkarteen zerbitzuak eta programak buru osasun arazoak dituzten pertsonei zuzentzen dira, eta hauetako askotan, gizonezkoen kopurua bikoitza da, emakumeen parte-hartze urriaren aldean, 2010, 2011 eta 2012 urteetako datuen arabera. Ikerketan aipatzen diren ondorengo arrazoiek azaldu dezakete sexuaren araberako desberdintasuna parte-hartzean:
- Emakumearen rol tradizionalak haiek etxeko jardueretara bultzatzen ditu.
- Familiaren papera: buru gaixotasuna duten emakumeak gehiegi babesten dituzte eta etxean gera daitezela sustatzen dute.
- Buru osasun arazoak dituzten emakumeen ahalduntzea oso ahula da, eta horrek oztopatzen du emakume horiek haien burua eskubideen subjektu bezala ikustea.
- Baliabideak gizonezkoen beharretara zuzenduta daude, oinarrizko auto-zainketan oinarrituta eta emakumezkoen behar emozional eta erlazionaletatik urrun.
- Deribazio zentroek gizonekiko eta emakumeekiko izan dezaketen sentsibilitate ezberdina. Egoera horrek buru osasun arazoak dituzten emakumeak etxean geratzea normalagotzat joko luke, inkontzienteki bada ere, emakumeen etxeko rolaren naturalizazioa dela eta.
Era berean, ikerketak honakoa ondorioztatzen du:
- Baliabide eta zerbitzuen erabilera eskasak, buru gaixotasunak dituzten emakumeei gizartean parte hartzea galarazten die, arlo horretan gizonekiko oso atzeratuta geratzen direlarik.
- Bereziki lan munduan nabarmendu da emakumezkoen parte-hartze falta, %30 baino gutxiagok lan egiten baitute.
- Ez dago laguntza baliabiderik buru gaixotasuna duten amentzat eta beharrezkoak dira emakume hauen berdintasuna lortzeko.
- Emakumeen espazio propioen beharra, beraien arazoei eta interesei irtenbidea emateko guneak.