Emakume izatearen eta osasun mentaleko arazo bat edukitzearen arteko konbinazioak diskriminazio anizkoitza dakar: indarkeria, pobrezia, autonomia falta eta oinarrizko eskubideen urraketa.
Salud Mental España konfederazioak —Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agendaren Ministerioen babesarekin— landutako GEA azterlanak datu kezkagarriak mahaigaineratu ditu: buruko osasun arazoak dituzten emakumeen % 40k indarkeria fisikoa edo psikologikoa jasan du bere ingurune hurbilean.
Kateatzen diren indarkeriak
Ikerketak agerian uzten du lotura estua dagoela indarkeriaren eta helduaroan agertzen diren osasun mentaleko arazoen artean. Indarkeria hori haurtzaroan gertatzen da askotan. Indarkeria matxistak, sexu-abusuak, kontrola, emakumeen testigantzen deslegitimazioa edo sufrimenduaren patologizazioa eguneroko errealitatearen parte dira, eta horrek ez du soilik buru osasuna kaltetzen: bizitza-proiektuak baldintzatzen ditu.
Horri indarkeria instituzionala gehitzen zaio. Emakume askok salatzen dute ikuspegi patriarkaletatik ezarritako diagnostikoak jaso dituztela, eta horiek bizitzan zehar bizi dituzten indarkeria-egoerak ikusezin bihurtzen dituztela. Horren ondorioz, gehiegizko medikazioa, tratamendu desegokiak edo borondatearen aurkako ospitaleratzeak gertatzen dira. Azterketaren arabera, profesionalen % 91k jarrera paternalistak hauteman ditu osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeekiko, eta horrek haien autonomia eta erabakitzeko eskubidea mugatzen ditu.
Pobrezia, eta etxebizitza- eta autonomia-falta
Pobreziaren feminizazioak egoera larriagotzen du. Inkestatutako emakumeen % 84k etxebizitza aldatu behar izan du azken urteetan, alokairua edo hipoteka ordaindu ezin zuelako. Lan-merkatura sartzeko zailtasunek, genero-ikuspegirik gabeko baliabide soziolaboralek eta zaintza-lanen banaketa desorekatuak zuzenean eragiten diete emakume horien buru osasunari eta independentzia ekonomikoari.
Premiazko begirada-aldaketa
GEA azterlanak eredu-aldaketa bat eskatzen du: genero-ikuspegia eta intersekzionalitatea benetan txertatuko dituen buru osasunarekiko arreta-eredu bat, emakumeen bizi-istorioak entzun eta testuinguruan jarriko dituena, eta sufrimendu indibiduala gizarte-, egitura- eta politika-arazoetatik bereiziko ez duena.
Emakumeak eta buru osasuna hizpide hartzea giza eskubideez hitz egitea da. Duintasunaz, autonomiaz, eta epaitu eta kontrolatu gabe lagunduko duten babes-sistemak eraikitzeko beharraz. Emakumeak beren errekuperazio-prozesuen subjektu aktibo gisa aitortuko duen ereduaren alde apustu egiteaz

