Emakumea eta Buru Osasuna Podcast-a

Buru Osasuna Euskadiren eta Emakumeak eta Buru Osasuna ekimenaren podcast kanala. Bertan, osasun mentalaren inguruan esateko asko duten pertsonekin solasean arituko gara. Ongi etorri!

Mujer y salud mental podcast

Buru Osasuna Euskadiren eta Emakumeak eta Buru Osasuna ekimenaren podcast kanala. Bertan, osasun mentalaren inguruan esateko asko duten pertsonekin solasean arituko gara. Ongi etorri!

Podcasta honako plataformetan dago entzungai: Ivoox, Amazon Music eta Spotify.

#15

Nire bizitza akutuen unitate psikiatrikotik igaro ondoren

Atal honetan, Raquel Corrales ezagutuko dugu. Gure protagonista Agifeseko kidea da, hau da, Buru Osasuneko Arazoak dituzten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteko erabiltzailea. Raquelek azalduko digu nolakoa izan den beretzat unitate psikiatriko batean egotetik bizitza normalizatua eramatera pasatzea. Osasun mentaleko azaroarekin bizitzeari neurria hartu dio; hala, eguneroko errutina normalizatua darama eta lanean ari da. Ospitaleratzeak asko markatu zuen, eta, horren ondorioz, ikaskuntzaz betetako errekuperazio prozesua hasi zuen.

#14

Buru osasuneko arazoak dituzten emakume-taldeak, ahalduntzeko gune

Avifesen izan gara, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen eta senideen Bizkaiko elkartean, erakunde horretako hainbat emakumerekin solasean. Osasun mentalarekin lotutako gai askori buruz hitz egin dugu haiekin, eta, batez ere, emakume-taldeetan parte hartzearen garrantziari buruz, autoestimua hobetzeko eta ahalduntzeko espazioak baitira.

#13

Emakumeen jokoarekiko mendekotasuna. Gizonek ez bezala bizi al dute?

Adikzio-arazoak dituzten emakumeak beti egon dira, baina mendekotasuna desberdin bizi dute gizonek eta emakumeek. Emakumeak helduagoak direnean hasten dira, eta denbora gehiago behar izaten dute laguntza eskatzeko. Gainera, jokoekiko mendekotasunari dagokionez, gizonekin alderatuz, arrazoi desberdinek eramaten dituzte jokoan erortzera. Ana Estevez Psikologiako doktorearekin hitz egin dugu, Laura Maciak Deustuko Unibertsitatean defendatutako 'Genero ikuspegia emakumeen joko nahasmenduari eta inplikatutako faktore psikologikoei buruz' doktore tesiaren zuzendariarekin, hain zuzen ere. Lan horren ondorio nagusietako batek adierazten du nahasmendu horren detekzioan genero-ikuspegia txertatzeak arreta egokiagoa ematea ahalbidetuko duela. Atal honek helburu du joko patologikoak emakumeengan duen eragina ikusaraztea, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren lankidetza du.

#12

Medikuntzak emakumeak diskriminatzen al ditu?

Historian zehar pentsatu izan da, medikuntzan, gizonak aztertzea nahikoa zela emakumeei buruz ere jakiteko. Genero-joera horren ondorioak asko dira: diagnostikoan eta estrategia terapeutikoan akatsak eta atzerapenak gertatzea eta osasun-arretan desparekotasuna sortzea, besteak beste. Eta buru osasunean ere eragina izan du ikuspegi horrek. Horregatik, gai horretan aditua den María Teresa Ruiz Canterorekin hitz egin dugu. Alacanteko Unibertsitateko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedraduna da eta genero-ikuspegidun prebentzioan eta osasun publikoan espezializatuta dago. Laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, emakumeek jasaten duten diskriminazioa aztertzen dihardu, arlo terapeutikoan eta diagnostikoari dagokionean. Medikuntzaren arloan genero-gaietan egin diren aurrerapenak azaldu dizkigu.

 

#11

Nork eskaintzen die laguntza buru osasuneko arazoak dituzten pertsonei?

Familia da sostengu nagusia eta rol hori 50 urtetik gorako emakumeek betetzen dute gehienbat. Beren ongizate emozional eta fisikoari zein bizitzako beste alderdi batzuei eragiten dien eguneroko lana hartzen dute beren gain. Gai horri buruz hitz egingo dugu atal honetan, eta Buru Osasuna Euskadik landutako ikerlana aztertuko dugu euskal federazioko gerente Mari Jose Canorekin eta Buru Osasuna Euskadiko zuzendaritza-batzordeko kide eta buru nahasmendua duen pertsona baten senide den Maite del Riorekin solasean. Emakume zaintzaileen profila ezagutuko dugu, zainketa-lanen ondorioetan sakondu eta, batez ere, haien bizi-baldintzak hobetzeko egin daitezkeen hobekuntzak jorratuko ditugu.

Euskal Agenda 2030: GJH 5, Generoen berdintasuna eta GJH 3 Osasuna eta Ongizatea.


#10

Juncal eta Mikel, buru osasuneko arazoekin bizitzen ikasi duten gazteak.

Juncalek eta Mikelek, 25 urteko gazteek, buru osasuneko arazoekin bizitzen eta estigmari aurre egiten ikasi dute. Badakigu horrelako arazoak dituzten pertsonek maiz bazterkeria jasaten dutela, eta estigma sozialaren eraginpean daudela. Podcastaren atal honetan, estigma sozial horrek eurengan izan duen inpaktua aztertuko dugu; beren bizitzako funtsezko etapetan, haurtzaroan eta nerabezaroan, nola eragin dien, hain zuzen ere. Autoestigmaz ere hitz egingo digute, hau da, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonek gizarteak egotzi dizkien uste okerrak sinesten dituztenean sortzen zaien euren buruarekiko iritzi negatiboaz.

Euskal Agenda 2030: GJH 10, Desberdintasuna gainditzea; GJH 4, Kalitatezko hezkuntza, hezkuntza inklusiboa; GJH 5, Generoen berdintasuna; GJH 17, Estigma eta diskriminazioa gainditzeko aliantzak.
 

#09

Medikazio gehiegi ematen al zaie buru osasuneko arazoak dituzten emakumeei landa-ingurunean?

Atal honetan, Karina Rocha gizarte-langilearekin hitz egin dugu, landa-eremuko emakumeen osasun mentaleko arazoei buruz. Gure solaskideak berehala azaleratu ditu emakumeek ingurune horietan dituzten arazo espezifikoak: buru osasuneko zerbitzu espezifikoetara iristeko zailtasuna eta sendagaien preskripziorako joera handiagoa. Karinak eta bere taldeak diseinatu zuten Espainiako Osasun Mentaleko konfederazioak abian jarritako Hub Genera proiektuaz ere mintzatu gara. Ekimen horrek landa-eremuko buruko osasun arazoak dituzten emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi du, modu kolektiboan, autoestimua landuz. Programak, halaber, azpimarratu egiten du emakume horiek ikusaraztearen, bizitza publikoan parte hartzearen eta erabakiak hartzeko organoetan esku hartzearen garrantzia.

#08

Zer lotura dago maitasun erromantikoaren eta genero-indarkeria matxistaren artean?

Loti Ederraren edo Errauskinaren ipunekin hasten da guztia. Literaturarekin jarraitu eta zinemarekin eta telesailekin betikotzen da. Emakumeoi irakasten zaigun maitasun erromantikoaren ereduak indarkeria matxista eta bikotekidearen tratu txarrak saihestezintzat hartzera eraman gaitzake, eta buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen kasuan, haien kalteberatasuna larriagotu dezake. Josune Muñoz ikertzailearekin hitz egin dugu, telesail eta filmen fenomenoa aztertzeko literatur kritika feministaren ikuspegitik. Gure bizitzetan protagonismoa izan duen ikus-entzunezko materialaz mintzatu zaigu Josune. Horren bitartez parekidetasunetik urruntzen diren jokabide-ereduak indartzen direla eta horiek bikote-harremanetan indarkeria jasatera eraman gaitzaketela azaldu digu.

#07

Buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen arteko topaketak

Asafeseko, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Arabako elkarteko, hiru emakumerekin hitz egin dugu. Aldizka biltzen dira, elkarren artean egoteko eta solasean aritzeko. Maitasunaz eta maitasun erromantikoa desmuntatzeaz mintzatu gara haiekin, baita indarkeria matxistaz eta sufrimenduaz ere. Gainera, ahalduntzearen, emakume-taldeen, beste pertsona batzuengan islatuta sentitzearen eta etorkizunari begira bakarrik ez sentitzearen garrantziaz hitz egin dugu.

#06

Sexu-indarkeriaren areagotzea nerabeen artean

Atal berri honetan, Marga Sáenz Herrero psikiatrarekin hitz egin dugu, nerabeen artean sexu-indarkeriak izan duen gorakada kezkagarriari buruz. Bere esanetan, eragin handia du pornografia oso eskuragarri egotea, horrek emakumearen aurkako indarkeria-ereduak zabaltzen baititu. Halaber, ama izan nahi duten eta buru nahasmendua duten emakumeen egoeraz, osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen aurkako indarkeriaz edo adikzioetan dagoen genero-desberdintasunaz hitz egiten digu.

#05

2030 Agenda, Garapen Jasangarriko Helburuak eta 5. GJHarekin lotuta emandako aurrerapausoak, askotariko diskriminazioa jasaten duten emakumeei dagokienez

Buru Osasuna Euskadiren podcastaren atal berri honetan, GJHekin egindako lana eta Garapen Iraunkorreko 5. Helburuari dagokionez emandako aurrerapausoak eta lorpenak izan ditugu hizpide. Helburu horrek genero-berdintasuna lortzea, emakume eta neska guztiak ahalduntzea eta haiekiko diskriminazio- eta indarkeria-mota guztiak amaitzea eskatzen du. Mª José Cano Buru Osasuna Euskadiko gerentearekin eta Elena Blanco Sareen Sareko koordinazio-taldeko arduradunarekin batera, bi erakundeak hori betetzeko egiten ari diren lana aztertu dugu. Bi erakundeentzat, GJHekiko konpromisoa modu naturalean egiten da, aurretik bide sakon eta inplikatua daramatelako Garapen Iraunkorreko Helburu jakin batzuetarako oso garrantzitsuak diren ekintzetan. Esan daiteke 2030 Agendaren leloa bera, "Inor atzean ez uztea", elkarte-mugimenduaren DNAn bertan dagoela.

#04

Poesiak lagundu al diezaieke buru nahasmendua duten emakumeei genero-berdintasuneko gaiei heltzen?

Bego Guerrero aktorearekin hitz egin dugu. Duela bost urtetik poesia tailerra ematen du Buru Osasuna Euskadi federazioko elkarte batean. Poesiaren bidez, sentitzen dutena adierazteko hitz egokiak aurkitzen laguntzen die parte-hartzaileei, baita genero-ikuspegiko gaiak landu ere. Eszenako profesional honek eskarmentu handia du, eta gizarte-salaketarekin eta bidegabekeriaren aurkako borrokarekin lotutako proiektu artistiko konprometituak aukeratu ohi ditu. Proiektu horietan generoaren alderdia agertzen da, eta ziur dago artea entretenimendua baino askoz gehiago dela eta buru nahasmendua duten pertsonekin lan egiteko tresna izan daitekeela.

#03

Nolakoa da ADHNrekin bizitzea? Juncal Giménez 23 urteko gazte arabarrarekin hitz egin dugu. Soziologian lizentziaduna da, eta hamaika urte zituenean jaso zuen arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen diagnostikoa.

Juncal Giménez bere haurtzaroaz mintzatu zaigu, baita bere burua gaintzeko gaitasunaz ere. Horri esker, soziologian lizentziatu da eta soberan duen energia bideratzeko trikimailuak landu ditu. Amak ere diagnostiko bera du, eta biek garbi dute buruko nahasmendua eduki eta emakume izateak estigmatizazio bikoitza dakarrela. Familian arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua agertzen denean honakoa gomendatzen du: pazientzia handia izatea eta terapiara ezinbestean joatea.

#02

Beharrezkoa al da genero-ikuspegia buru nahasmenduen tratamenduetan?

Solasaldi interesgarria izan dugu Ana González Pinto psikiatrarekin. Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Fundazioko presidentea da, eta baita Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Psikiatriako katedraduna eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko burua ere. González Pintok azpimarratu du genero-ikuspegia ezarri behar dela, bai ikerketan, bai diagnostikoan edo tratamenduetan. Gainera, adierazi du hainbat patologiak desberdin eragiten dietela emakumeei eta gizonei. Tratamenduak aplikatzerakoan emakumeen hormona-aldaketak (menopausia, adibidez) kontuan hartzearen garrantzia ere nabarmendu du. Buru Osasuna Euskadi federazioaren barne dauden elkarteen zeregina funtsezkoa da buru-nahasmendua duten pertsonei laguntzeko, González Pintok adierazi duenez.

#01

Buru Osasuna Euskadik bere instalazioen ateak ireki ditu lehen atala grabatzeko. Federazioko kide diren hiru emakume ezagutuko dituzue, Loli, Amaia eta Maria Isabel, eta haien bizipenak, esperientzia, sentitzeko modua eta bizi-ikuspegia partekatuko dizkigute. Buru-nahasmendu larria duten emakumeen % 80k indarkeria matxista jasaten dutela dio euskal federazioak landutako azken azterlanak. Emakumeok irmotasunez diote, laguntzarekin, zailtasun egoera horietatik ateratzeko aukera dagoela.

Compartir esta entrada