“Maskulinotasun tradizionalak gaixotzen gaitu, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak”

Piper Txuriak gizon taldeko Juan Manuel Feito Guerrerori elkarrizketa, maskulinotasun berrien inguruan.

Juan Manuel Feito Guerrero, Piper Txuriak gizon taldeko kidea

Zer dira maskulinotasun berriak?

Maskulinotasun berriez ari garenean, gure gizarteak eta kulturak gizon izatearen inguruan ulertu duena aldatzeaz mintzo gara. “Gizon normala” zalantzan dago pertsona askoren buruan. Horregatik, maskulinotasun eredu tradizionala krisian dagoela esan dezakegu, eta ez ordezko eredurik daukagulako, horrelakorik ez dago-eta, baizik eta “gizon normal, egoki, zuzenaren” ezaugarriak ez direlako eredugarriak gizartearen zati handi batentzat, gizon nahiz emakumeentzat.

Maskulinotasun berriek ateak zabaltzen dizkigute gizonei, gure bizitza askatasun handiagoz bizi ahal izateko. Ezkutuko mekanismo soziokulturalak ezagutzen laguntzen digute; jokabide, sentipen, desira, pentsamendu, harreman-modu eta abar konkretuetara eraman gaituzten horiek, hain zuzen. Jaiotzetik eragiten digute eta eredu bilakatzen dira bizitza osoan zehar “normaltasunean” sartu eta onartuak izateko; zigortuak edo baztertuak ez izateko.

Ez dago gizon izateko modu bakarra, jantzi bakarra ez dagoen bezala. Maskulinotasuna tradizionala zanpatu eta itotzen gaituen trajea da. Maskulinotasun berriek, aldiz, nahi dugun pertsona izaten laguntzen digute.

Nola laguntzen dute maskulinotasun berriek gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzen?

Maskulinotasun berriek aurka egiten diete “maskulino” aterkipean sartu diren ezaugarri arriskutsu, osasungaitz eta suntsitzaileenei. Horrela, ezaugarri horiei buelta eman eta mesedegarri bilakatu nahi dira pertsona guztientzat eta planetarentzat. Gizonezkoei historikoki ezarritako ezaugarri, rol eta joerak dira.

Esate baterako: ideologia sexista eta emakumeen aurkako bazterketa- eta indarkeria-moduak; irabazi eta galtzearekin nahiz beste pertsonak menderatzearekin loturiko harremanak; sentikortasun, leuntasun eta enpatia adierazpenak ekiditea; gizonezkoen arteko gertutasuna eta maitasuna debekatzea; gainazaleko harremanak mantentzea; gizonei indarkeria, gerra eta armak interesatu behar zaizkigula ziurtzat jotzea; beldurra sentitzen dugula ukatzea, eta beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea; egoera guztietan agintea eta kontrola hartzea; negarraren, ahultasunaren eta zaurgarritasunaren errepresioa onartzea.

Gure bizitzaren berrikuspen eta eraldaketa lanaren ondorioz, ohikoena da gizonezkoengan berdintasunaren aldeko pentsaera eta jarrerak agertzea, eta diskriminaziorik edo tratu txarrik ez onartzea.

Horrela, pixkanaka, emakumeen bidelagun izan behar duen maskulinotasuna barneratzen ari gara, andreei mesede egiten dionak geuri ere on egiten baitigu. Bide horretan pribilegioak galtzen ditugu, horiek bidegabekerian oinarrituta baitaude. Baina eskubiderik ez dugu galduko; alderantziz. Izan ere, berdintasunari esker, gure beharrak ere kontuan hartzen dira eta ongizatea irabazten dugu. Prozesu hau gizarte-aurrerapenaren seinale da; ez dago inoren aurkako borrokarik, ezta defendatzeko beharrik ere.

Maskulinotasun berrien arloko prestakuntza eskaintzen duzunez, zein aurrerapen ikusten dituzu taldeetan parte hartzen duten gizonen artean?

Elkarrizketa hau bera aurrerapen bat da; ziurrenik ez zen duela hamar urte gertatuko. Gero eta ohikoagoa da gizonei zuzenduriko jarduerak antolatzea, gizonezko gisa bizi duten esperientzia berrikusteko aukera izan dezaten, genero-ikuspegitik. Duela hamarkada bat ez zen horrelakorik gertatzen.

Gure jardueretan parte hartzen duten gizonezkoek aurretik planteatu ez zuten zerbaitekin egiten dute topo. Naturaltzat hartzen dutenari buruzko sinesmenak kolokan jartzen dituzte. Harago begiratzeko interesa pizten zaie, eta konturatzen dira traje batean hetsita daudela. “Gizon normalaren kaxan” sartzeko agindu horiek guztiak pixkanaka alboratuz, euren buruarekin topatzeko prozesuan murgiltzen dira. Erabakiak hartzeko eta aldatzeko ezinbesteko pausoa da.

Gure federazioak maskulinotasun berriak sustatzeko apustua egin du gure bazkideen artean. Zer iritzi duzu gauzatzen ari garen lanaren inguruan?

Gizonezkoa ez da jaiotzen; egin egiten da. Eta zure buruari eta gainerakoei erakutsi behar diezu “egiazko gizonezkoa zarela”, aitorpen hori irabazi duzula. Maskulinotasun tradizional hori lasterketa nekagarria da, eta helmuga, harrapaezina. Bidean osasuna eta bizitza galtzen zoaz, baita zoriontasuna eta zaren bezalakoa izateak ematen dizun poztasuna ere. Maskulinotasun horrek gaixotzen gaitu, bai gizonezkoak eta bai emakumezkoak.

Hori dela eta, Fedeafesek eskainitako tailerretan parte hartzen duten gizonezkoek, gainerakoek bezala, asko eskertzen dute gure lana; izan ere, gizon “normal” izateko helburuan “porrot” egin dute, eta “izan beharko luketen” horren atzetik jasan duten presioak bizipoza lapurtu die. Hortaz, itxaropena pizten zaie ulertzerakoan “normalizazio” eta “maskulinizazio” prozesuak izan direla euren ondoezaren arrazoietako bat. Orduan ikusten duten agian ez dutela “huts egin”, baizik eta maskulinotasun kulturala dagoela oker. Euren bizitzaren irakurketa berri horrek bide berria zabaltzen die, euren burua maitasun gehiagorekin tratatzeko. Horrelako prozesuetan laguntzeak neu ere goitik behera eraldatzen nau

Compartir esta entrada