Fedeafesek baliabide gehiago eskatu ditu buru nahasmendua duten emakumeek jasaten duten indarkeria matxista hautemateko eta biktimei arreta egokia emateko

Indarkeria matxistaren arretarako zerbitzu publikoek buru nahasmendua duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek. Horregatik, kasu horiek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru nahasmendua duten pertsona eta senide elkarteen artean. 

3 de cada 4 mujer con problemas de salud mental víctima violencia

Indarkeria matxistaren arretarako zerbitzu publikoek buru nahasmendua duten emakumeen berezitasunak aintzat hartzeko beharraz ohartarazi du Fedeafesek, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen ordezkari diren Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak bateratzen dituen federazioak. Horregatik, kasu horiek gainditzeko laguntza psikologiko espezializatua eskatzen du, baita koordinazio handiagoa ere osasun mentaleko sarearen, zerbitzu publikoen eta buru nahasmendua duten pertsona eta senide elkarteen artean. 

Buru osasun arazoa duten emakumeek bi edo lau aldiz arrisku gehiago dute bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria jasateko, gainerako emakumeekin alderatuz. Hala adierazten du Fedeafesek iaz aurkeztutako ikerlanak. Azterlan horren arabera, gainera, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k, noizbait bikote-harremana izan dutenen artean, jasan du indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu duenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean indarkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera indarkeria moduan identifikatzen. Beste datu batzuen artean, buru gaixotasun larria duten emakumeen %26k haurtzaroan bortxakeria sexuala sufritu duela jakinarazi dute, gainerako emakumeen zifraren (%3,5) oso gainetik. Horrez gain, kezkagarria da kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.

Testuinguru horretan, indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du Fedeafesek, profesionalen prestakuntza kontuan hartuz, baita biolentzia-kasuen aurrean esku hartzeko eta deribazioak egiteko protokoloak landuz ere. Era berean, emakumeen babeserako baliabideetan kolektibo honetako andreei harrera bermatzea eskatu die euskal federazioak erakunde publikoei.

Errealitate horri aurre egiteko burutako ekintzen artean, Fedeafesek bultzatutako ‘Emakumea eta buru osasuna‘ kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko orria ere. Zentzu horretan, sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak burutzen ditu euskal federazioak arlo profesional anitzetan: indarkeria-kasuen artatzean, gizarte eta osasun zerbitzuetan eta hirugarren sektoreko erakundeetan. Horrez gain, Fedeafeseko eta bere barne dauden elkarteetako profesionalei ere formakuntza eskaintzen die indarkeriaren prebentzio eta hautemateari, maskulinitate berriei eta lengoaia inklusiboari buruz. Buru osasun arazoa duten emakumeei zuzenduriko tailerrak ere antolatzen ditu, indarkeria identifikatzen ikasteko nahiz maitasun erromantikoaren mitoak hautsi eta berdintasuna sustatzeko. Maskulinitate berrien inguruko tailerrak ere egiten dituzte buru osasun nahasmendua duten gizonezkoekin.

Era berean, Espainiako buru osasunaren konfederazioak abiarazi duen #NosotrasSíContamos kanpainarekin bat egin du Fedeafesek. ‘Buru osasuna ez da jipoitzen” lelopean, indarkeria matxistak emakumeen osasun mentalean duen eragina salatzen du, esperientzia pertsonalak oinarritzat hartuz. Gainera, buru osasun arazoa edukitzeak bortxaketak eta eskubideen urratzeak jasateko arriskua biderkatu egiten duela jakinarazi nahi dute. Bideo batean, kolektibo honetako hiru emakumek, horietako bi Fedeafeseko berdintasun arloko kideak, indarkeria matxistak euren bizitzako arlo desberdinetan izan duen eragina kontatzen dute. Etengabeko diskriminazioa eta eskubideen urratzea salatzen dute; esate baterako, ama izateko eskubidea ukatua izatea, giza eskubideen eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren aurka doana, erabat.

Emakumeenganako indarkeriari buruzko azterlana

Fedeafesek landutako eta Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak babestutako azterlanak azaleratu du indarkeria jasatearen eta osasun mentaleko arazo larria izatearen artean harreman nabarmena dagoela. Horrez gain, ezagutarazi dute indarkeriak eragina izan dezakeela, beste faktore batzuekin batera, buruko osasun arazo larriren bat izateko aukeran. Gainera, ohikoa da aldi berean hainbat indarkeria-mota jasatea. Zerbitzu publikoen arteko koordinazio egokia lantzearen alde apustu egiten du euskal federazioak, gainera.

Zentzu horretan, Fedeafesek gogorarazi du 2017an Eusko Legebiltzarrak buru osasunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuela, talde parlamentario guztien babesarekin. Euskal Ganberak kezka berezia adierazi zuen “genero-indarkeria pairatzen duten eta buru gaixotasuna duten emakumeengatik”. Horregatik, onartutako deklarazioan administrazioei eskatu zien “zain dezatela kolektibo hori” eta “bere beharrei erantzun egokia eman diezaiotela”.

Pasa den azaroaren 18an Eusko Legebiltzarrean egon zen berriro Fedeafes, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Legea buru osasun arazoa duten pertsonen beharretara egokitu dadin eskatzeko. Halaber, ekintza positiboko neurriak har daitezen aldarrikatu zuen buru osasun arazoa duten emakumeei eta bestelako desgaitasunak dituztenei laguntza emate aldera indarkeria matxistaren biktimak direnean, egoera horretatik atera ahal izateko (albistea irakurri).

Kolektiboa hobeto artatzeko proposamenak

Ikerketaren ondorio gisa, genero-ikuspegitik lan egitea proposatu du Fedeafesek. Gainera, emakumeei bideratutako arreta psikologikoko zerbitzuak eta harrera-etxeak buru osasun arazoak dituzten emakumeen beharretara egokitzea eskatu du. Era berean, zerbitzu publikoen arteko koordinazio egokia bermatzearen alde apustu egin du Fedeafesek.
Asafes, Avifes, Agifes eta Asasam elkarteak barne hartzen dituen federazioak urteak daramatza gizartea eta instituzio publikoak errealitate honen inguruan sentsibilizatu nahian. Paraleloki, Fedeafes emakumeak, gizonezkoak eta profesionalak trebatzen ari da egoera honi aurre egin ahal izateko eta genero-indarkeria kasuak sortu baino lehenago antzematen jakiteko.

Profesionalak sentsibilizatzeko gida

Buru gaixotasuna duten emakumeekin lan egiten duten profesionalak sentsibilizatzeko gida landu du Fedeafesek. Dokumentu horretan indarkeriaren biktimen eta osasun mentaleko arazoen arteko konexioez ere ohartarazten dute. Zehazki, kasu askotan indarkeria dago patologiaren beraren oinarrian eta, gainera, nahasmendua duten pertsonek arrisku gehiago dute biolentziaren biktima izateko.

Gidaliburua lagungarria da indarkeria-egoera horiek detektatzeko gizarte eta osasun zerbitzuetan zein buru gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan. Tratu txarrak hautemanez gero, nola jokatu jakiteko jarraibideak ere jasotzen ditu dokumentuak.

Compartir esta entrada