Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, indarkeria matxistak emakumeen eta nesken osasun mentalean duen eraginaz ohartarazi du Buru Osasuna Euskadik. Giza eskubideen urraketa dela eta gizonen eta andrazkoen arteko desberdintasunaren adierazpen larriena agerian uzten duela ohartarazi du Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak biltzen dituen federazioak.
Ildo horretan, jakinarazi du indarkeriak emakumeen egungo zein etorkizuneko buru osasunean eragina duela. Haurtzaroan zein nerabezaroan jasandako sexu-abusuek, esaterako, arazoak ekar ditzakete hainbat urte geroago, eta etengabe pairatutako indarkeriak ere osasun mentaleko arazoak eragin ditzake. Dagoeneko buru nahasmendua duten emakumeen kasuan, haien gaixotasunak okerrera egin dezake indarkeriaren biktima izanez gero.
ZIFRAK: BURU NAHASMENDUA DUTEN EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Hain zuzen ere, Buru Osasuna Euskadik nahasmendu psikikoa duten emakumeen aurkako bortizkeriari buruz egindako ikerketak agerian utzi zituen indarkeriaren eta gaixotasun mentalaren arteko loturak, eta askotan biolentzia nahasmenduen jatorrian dagoela jakinarazi zuen. Azterlanaren arabera, gaixotasun mental larri bat edukitzeak indarkeria jasateko arriskua areagotzen du, eta horrelako gertaeren biktima izateak lehendik dagoen gaixotasun mental baten sintomatologia okertzen du. Bestalde, datuek adierazten dute osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeen % 26k sexu-bortxakeria pairatu dutela haurtzaroan, eta emakume guztien batez bestekoari dagokionez, % 3,5ean dago zifra.
Horrez gain, gaixotasun psikiko larria duten emakumeen %80k –noizbait bikote-harremana izan dutenen artean¬– jasan dute indarkeria psikologikoa, fisikoa edo sexuala helduaroan. Gainera, azterlanak egiaztatu zuenez, buru gaixotasuna duten eta bikotean bortizkeria sufritzen ari diren emakumeen %42k ez du egoera biolentzia moduan identifikatzen. Kezkagarria da, halaber, kasuen erdian psikiatrak ez dituela hauteman pazienteak azken urtean jasotako tratu txarrak.
Buru Osasuna Euskadiko Emakumeen Berdintasunerako Arloko María Isabel García Peñak adierazi du buru nahasmendua duten emakume asko ez direla ausartzen beren egoeraz hitz egitera sinesgarritasun faltagatik. "Askotan zalantzan jartzen da emakumeen kontakizuna, eta horrek oztopo egiten die haien egoeraz mintzatu eta laguntza jasotzeko garaian. Gure handicap nagusia kasuak hautematea da, eta, horretarako, prestakuntza eta sentsibilizazioa behar dira arreta-eremu guztietan, erne egon daitezen", esan du.
Buru Osasuna Euskadik ohartarazi du, halaber, haurtzaroko abusuek eragindako estres handiak edo indarkeria matxista duen familia batean bizi izanak askoz ere arrisku gehiago dakarrela osasun mentalarentzat.
Testuinguru horretan, euskal federazioak indarkeriari modu integralean heltzea eskatzen du, profesionalen prestakuntza eta horrelako kasuetan esku hartzeko eta bideratzeko protokoloak kontuan hartuta. Horretaz gain, bortizkeria matxista jasaten duten emakume eta neska gazte guztien osasun mentalari arreta berezia eskaintzeko aldarrikatu du, etorkizuneko buru osasuneko arazoak prebenitzeko, bai eta buru gaixotasuna duten emakumeen egoeraz sentsibilizatzeko ere, isilpean dauden indarkeria matxistako kasuak detektatzen laguntzearren.
SENTSIBILIZAZIOA
Errealitate horri aurre egiteko burututako ekintzen artean, euskal federazioak bultzatutako Emakumea eta buru osasuna kanpaina dago. Ekimen honen barne dago sentsibilizaziora eta kolektiboaren ahalduntzera bideratutako webgunea, baita Facebookeko eta Instagrameko orriak ere. Sentsibilizazio-ekimena duela zenbait urte abiatu zen eta ekintza berriekin elikatzen doa buru nahasmendua duten emakumeak ikusarazi eta eurek jasotzen duten arreta hobetzeko helburuarekin.
Besteak beste, euskal federazioa hainbat podcast lantzen ari da profesionalei elkarrizketak eginez eta osasun mentalari eta genero-berdintasunari buruzko lehen pertsonako testigantzak emanez. Vicky Pizarro kazetariak gidatuta, emakumeari eta osasun mentalari buruzko hainbat gai jorratzen dira Marga Saenz psikiatrarekin, eta Buru Osasuna Euskadik eta Sareen Sareak 5. Garapen Jasangarriko Helburuarekin duten konpromisoa ere aztertzen da ataletako batean; hau da, emakumeen eta nesken ahalduntzeari eta jasaten duten diskriminazioa eta indarkeria ezabatzeari buruz gauzatzen duten lana azaltzen dute.
Bestalde, federazioko kide diren emakume eta gizonentzako prestakuntza-ekintzak garatzen ari dira, ‘Maitasun erromantikoa deseraikiz’ izenburupean. Laudion, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egin dira saioak, baita Arabako Espetxean dauden emakumeentzako tailer bat ere. Ekintza hauek Emakunderen eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa dute.
Buru Osasuna Euskadik, gainera, bat egin du Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren #NosotrasSíContamos kanpainarekin, buruko osasun arazoak dituzten andrazkoek jasaten dituzten indarkeriak salatzeko helburuarekin.