Buru Osasuna Euskadik emakumeek jasaten dituzten diskriminazioak salatu ditu, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du

Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak (Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes) emakumeek jasaten dituzten diskriminazioak salatu ditu, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du.

Emakumearen Nazioarteko Eguna

Buru Osasuna Euskadik, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen eta senitartekoen euskal elkarteak biltzen dituen federazioak (Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes) emakumeek jasaten dituzten diskriminazioak salatu ditu, eta buru nahasmendua dutenek bereziki pairatzen duten kaltea azpimarratu du. Euskal erakundeko presidente María Ángeles Arbaizagoitiak deitoratu du buru-nahasmendua duten emakumeek "askotariko diskriminazioa" jasaten dutela, eta beharrezkotzat jo du “genero-ikuspegi intersekzionala izatea emakume bakoitzak jasaten dituen diskriminazioak aztertzeko”.

Ildo beretik, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, euskal federazioak buru nahasmendua duten emakumeek sufritzen duten indarkeriari buruz ohartarazi ditu instituzioak, eta egoera horiek prebenitzeko beharrezko neurriak aldarrikatu ditu, Buru Osasuna Euskadik azken urteotan aurkeztutako ikerketetan oinarrituz.


Emakumeen ahalduntzea

Arbaizagoitiak funtsezko alderdiak aipatu ditu, hala nola emakumeen ahalduntzea sustatzeko beharra, gizarteratzeko eta laneratzeko oinarrizkoak diren esparruetan parte har dezaten laguntzeko; batik bat enpleguan eta formakuntzan, emakumeek parte-hartze murriztua baitute arlo horietan. Era berean, genero-ikuspegia arreta-eremu guztietan txertatzearen alde agertu da federazioko arduraduna: gizarte, osasun, enplegu eta indarkeria alorretan, besteak beste.

Kolektibo honen egoeraz kontzientziatzeko, emakume hauei informatzeko eta euren jabekuntza bultzatzeko hainbat sentsibilizazio ekintza burutzen ari da Buru Osasuna Euskadi Facebookeko 'Mujer y Salud Mental - Emakumea eta Buru Osasuna' eta Instagrameko ‘Mujer y Salud Mental’ orrialdeetan. Horrez gain, www.emakumeaetaburuosasuna.org webgunea dauka, kontzientziazio eta informazio lana indartzeko. Ekintza horiek Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak babesten dituzte.

Bestalde, bai Buru Osasuna Euskadi eta bai bere barne dauden elkarteak buru-belarri ari dira lanean ahalduntzearen alde, emakume taldeak osatuz eta haiei nahiz profesionalei zuzendutako formakuntzak eskainiz. Horrez gain, gizonezkoentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte maskulinitate berrien inguruan, eta buru nahasmendua duten emakumeen gizarteratzea sustatzeko ekintzak ere lantzen dituzte. Arabako espetxean dauden emakumeen aldeko jarduerak ere antolatzen ditu euskal federazioak, eta Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Emakumeen Etxea bisitatuko dute gaur espetxeratutako hainbat emakumek, euren burua ahalduntzeko eskuragarri dituzten baliabideak ezagutzeko.

Compartir esta entrada